XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Narruzko Zezen, antzerkiaren bultzatzaile Eibar aldean.

Bizkaia eta Gipuzkoa arteko mugan bertan dagoen Eibarko Ikasketa Bateratuen Ikastetxea (IBI, Unibertsitate Laborala izenaz ezagunagoa) aktibitate mordo baten sorlekua da. Kirolak, musika, bideoa eta mendizaletasunaz gain antzerkia ere eskaintzen die bertako ikasleei klasetik kanpoko aukera bezala.

Horrela sortu zen Narruzko Zezen duela 15 urte, eta horrela segitzen du, ikasleen antzerki-zaletasuna bultzatuz, edo aktore lantegi bezala funtzionatuz, tailer bezala ere funtzionatzen duen talde honek.

Gaur egun 40 bat lagunek osatzen dute Narruzko Zezen.

Denak ez dira antzesleak, muntaiataz eta bitarteko teknikoetaz ere talde berekoak arduratzen bait dira baita, eta, horrela adibidez, ingeniaritza elektronikoa ikasten dabiltzanak argiztatzeaz enkargatzen dira.

Jada IBIko ikasle ez diren batzuk ere segitzen dute taldean horretarako gogoa izan badute.

Zaletasuna da kontua.

Urtero obra bat baino gehiago muntatu izan dituzte, elkarrekin eginiko aukeraketa eta lanaren ondoren; beti ere zuzendaria den Juan Ortegaren gidaren pean.

15 urte hauetan Ionesco, Buero Vallejo edo Alfonso Sastreren obrak antzestu dituzte, beste askoren artean; eta hainbat eta hainbat jendek interpretatu izan ditu.

Narruzko Zezenen hasi zuten bere aktore lana, esaterako, Imanol Arias, Iñaki Miramon edo Rafael Alvarez el Brujok.

86an Alfonso Sastre-ren La Taberna Fantástica obrarekin Antzerki Sari Nazionala jaso zuena.

Dena dela, hobby bezala hartzen dute Narruzko Zezenen lana taldeko partaide gehienek, izan ere guztiz amateurra bait da, egiten dutenagatik dirurik kobratzerik ez delarik planteatzen.

Narruzko Zezenen curriculum luzean lan bakarra antzestu izan dute euskaraz, 85ko maiatzean estrenatu zuten Luis Haranburu Altunaren Job muntaia.

Honen arrazoia zera da, IBIko ikasleetako asko eta asko kanpotarrak direla, ikasketak interno gisa egiten dituzten bekarioak.

Zein obra antzestuko den erabakitzeko, jendeak irakurri izan ditu, aukeraketan pisu nabarmeneko arrazoietako bat obrak eszenografia gutxi edo sinplea izatearen beharra delarik.

Orain arte ez dute sormen propioko ezer egin, hainbeste jenderen artean egitea (jende oso gaztea, gainera) oso zaila delako.

Urtetik urtera, antzerki ihardunaldiak

Baina Narruzko Zezenen lana ez da bakarrik zenbait obra muntatu eta antzestera murrizten.

Duela hamaika bat urtetik hona, udaberri aldean antzerki ihardunaldi batzu antolatu izan ditu IBIk, Narruzko Zezenen bidez, umeei begira ere.

Deba Beheko mailan eskolarteko antzerki erakusketak ere egiten direlarik urtero.

Antzerki Ihardunaldiak izan dituzten azken bi edizioetan arrakasta nabaria lortu izan da, gero eta jende gehiago hurbiltzen delarik teatroa ikustera.

Ihardunaldiek, gainera, presentzia internazional nabaria ere izan dute.

85ean, Estatu Batuetako Momix taldea etorri zen, aurten Peter Wear aktore britainiarrak 20 pertsonaia antzesten zitueneko lan bat ikusi ahal izan zelarik.

Ekintza hauez gain, ihaz gai historikoko bi bideo egin zituzten, gero ETBra saldu izan direnak.

Bata, Sabino Aranaren bizitzaren gainean egin zuten, eta bestea Azkoitiako zalduntxo zirelakoen gainean.

Bigarren bideo honetarako, vals, minue eta polkak dantzatzen ikasi behar izan zuten Narruzko Zezeneko aktore gazteek.

Bideo hauekin diru apur bat lortu zuten eta Parisera bidaia bat antolatu zuten, asmo kultural bakar eta esklusiboarekin, orain dela bost urtetik taldeko partaide den Josunek esaten digunez.

Popularitatea irabazten Antzerkiaren afizionatu hauen zaletasun eta IBIren ahaleginari esker, badirudi Eibar (kokapenez eskualdeko hiriburu kulturala izan beharko litzatekeena) antzerkia sarritan ikusteko gunea bihurtu dela.

Lehen antzerkia rollazo bat bezala ikusten zen, esaten digu Josunek, derrigorrez oso garestia izan behar duen zerbait bezala, baina gure ihardunaldietako prezioekin 300 pezeta, ikasle, jubilatu eta langabeentzat 150 antzerkiak, popularitatea irabazi du.

Bestalde, ikuslegoa hurbilagoa daukaten antzerki motak agertu dira azken urteetako ihardunaldietan, kale-antzerkia eta kafe-teatroa bezala eta honek jendearen interesa haundiagotu du.

Eibarren, hala ere, kexu da Josune, askoz gehiago egin zitekeen Teatro Amaya zena bota ez balute garajeak egiteko; lokal honek 1.200 jarlekutako aforoa zuen eta antzerkirako Gipuzkoan zegoen aretorik onena zen.

Dena dela, aurrera jarraitzen dute Narruzko Zezenekoak bere ekimenarekin.

Aurten Ignacio Garcia eta May-ren (Autore gazte hau) Bululu y Medio obra estrenatu dute oraintsu bukatutako ihardunaldietan eta berarekin, bai Euskadin eta estatuan zehar antzespen gehiago egitekotan daude.